Berriak | 2012-11-16

Nerbioi-Ibaizabalgo udal-arduradunek Koopera Reusing Center hondakinak kudeatzeko instalazioa bisitatu dute

Nerbioi-Ibaizabalgo udal-arduradunek Koopera Reusing Center hondakinak kudeatzeko instalazioa bisitatu dute

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek eskualdeko arduradunek Mungiako Koopera Reusing Center hondakinak kudeatzeko instalaziora egindako bisitaren berri ematen du. Bisita gaur izan da, azaroaren 16an (ostirala).

Bisitaren helburua bikoitza da. Lehenengo eta behin, berrerabiltzeko diren hondakinak tratatzeko sistema aurreratu hau hurbiletik ezagutzea. Bigarrenik, arduradunen bisitak mezu bat helarazi nahi dio eskualde mailako iritzi publikoari, hain zuzen ere, hondakinak berrerabiltzearen eta prebenitzearen aldeko apustua eta konpromisoa.

Hondakinen esparruan, ingurumen kudeaketa arduratsuak herritarren esku-hartzea eta erantzukizuna behar ditu, arrakasta lortze aldera. Horregatik, beharrezkotzat jo da berrerabilpenerako edukiontzien erabilera zabaltzea eta suspertzea.

Hondakinak kudeatzeko Mungiako Koopera Reusing Center delakoa Estatu mailan dagoen lehen planta automatizatua da; bildutako objektu mota guztiak (arropa, osagarriak, zapatak, liburuak, jostailuak, gailu elektronikoak, etxetresna elektriko txikiak, bazarra, etab.) sailkapen eta egokitze prozesu batean sartzen ditu, ondoren berrerabiltzeko, aurretik objektu erabilgarri bihurtuta eta berriro aktibatuta, merkatu iraunkorrean eta solidarioan merkaturatzeko. Azpiegitura honek mota orotako objektuak tratatzea ahalbidetzen du, ingurumen eta ekonomia eraginkortasun irizpideekin. Produktuen bizitza erabilgarria luzatzea hondakinak murrizteko edo ez sortzeko lehenengo bideetako bat da.

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean, erabilitako arropa eta aprobetxa daitezkeen etxeko beste objektu batzuk jasotzeko zerbitzurako Kooperako bazkidea den Rezikleta dago kontratatua. Azken horrek 24 lekutan jarri du berrerabiltzeko edukiontzi berritzailea, eskualdeko zortzi udalerritan: Arakaldo (1), Arrankudiaga (1), Etxebarri (4), Galdakao (10), Orozko (2), Ugao-Miraballes (2), Urduña (2) eta Zaratamo (2). Ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean, 72.704 kilo bildu dira zerbitzu berriarekin; hau da, %64 areagotu da aurten, joan den urteko epe berarekin alderatuz gero.

Koopera erabilera publikoko ekimen sozialeko kooperatiben eta gizarteratze-enpresen sare soziala da, hondakinen berrerabilpenean eta birziklapenean aditua. Bere helburua da gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen bazterkeriaren kontra eta gizarteratzearen eta laneratzearen alde lan egitea, batez ere, ingurumena defendatzeko jardueren bitartez. Koopera Taldeak 13 lanpostu sortu ditu Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udalerrietan.

Bisita hau Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek antolatutako jardueren parte da, hain zuzen ere, azaroaren 17tik 25era bitartean ospatuko den Hondakinak Prebenitzeko Aste Europarraren barruan. 

Informazio gehiago:

Kooperaren aurkezpena

Koopera Reusing Center. Berrerabilpenerako zentrua.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo