Berriak | 2013-03-21

Nerbioi-Ibaizabaleko udalerriek jasangarritasunerako Tokiko Agenda 21 berriztatzea amaitu dute

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberioko Tokiko Agenda 21aren berrikuspen-prozesuak amaitu egin direla.

Proiektuak iraun duen hamasei hilabeteotan, udalerri bakoitzak gizarte eta ingurumen arloko egoeraren Diagnostiko bat egin du, eta datozen 8 urteotarako (2012-2020) Tokiko Ekintza Plan berria definitu du, Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen ildo metodologikoei jarraituz.

Jasangarritasun-irizpideak udal politikan integratzeko balio duen plangintza eta kudeaketa arloko tresna daTokiko Agenda 21.

Tokiko Agenda 21eko Ekintza Planak agerian uzten du udalerriak jasangarritasunarekiko duen estrategia eta konpromisoa. Horren helburua da, zenbait ekintzaren bitartez, udalerriak ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetan dituen erronkei erantzuna ematea. Elementu hauen inguruan egituratzen da: Ikuspegia; Xedeak; eta Ildo estrategikoak, programak eta ekintzak.

Ikuspegia aitorpen sintetikoa da, hemendik urte batzuetara nolako udalerria lortu nahi den esaten duena. Xedeak Tokiko Ekintza Planaren ezarpenarekin 2020an lortu nahi diren helburuak kuantitatiboak dira. Ildo estrategikoak, berriz, Tokiko Ekintza Planaren bitartez udalerria hobetzeko lortu nahi diren funtsezko helburuak dira. Programak esku-hartzerako helburu zehatzak dira, hobekuntzarako helburu estrategikoak lortzera bideratutakoak. Azkenik, Ekintzak egin beharreko ekimen edo proiektu zehatzak dira. Ondorioz, Tokiko Agenda 21eko Ekintza Plan bakoitzak zenbait Ildo Estrategiko, Programa eta Ekintza ditu.

Berrikuspenaren barruan, Jarraipen Plana dago. Horren helburua da Jasangarritasunerako Tokiko Ekintza Planaren ezarpena monitorizatzeko tresnak definitzea, proposamenak zenbateraino bete diren eta nolako eraginkortasuna duten ebaluatuz eta adierazleak kalkulatuz. Horretarako, ekintza hauek egiten dira: Tokiko jasangarritasun-adierazleen sistemaren urteroko kalkulua; Ekintza Planaren betearazpen mailaren urteroko analisia eta balorazioa; eta Emaitzen gaineko komunikazioa. Ondorioz, udalerri bakoitzean, urtero-urtero, Ekintza Plana ezartzeko asmoz hurrengo urtean egin behar diren ekintzak definituko dira, erreferentzia gisa hartuz dagokion urterako planifikatutako ekintzak eta ebaluaziotik lortutako emaitzak. Jarraipen plan horrek, era berean, herritarren jarraipena ere izango du.

Lan hori guztia Tokiko Agenda 21aren oinarrizko zutabeetako bat kontuan hartuz egin da; hain zuzen ere, zutabe hori partaidetza da, bai barrukoa (Udaletako teknikari eta politikariena) zein kanpokoa (herritarrena). Proiektuak iraun duen bitartean, udalerri bakoitzean zenbait bilera egin dira talde politikoekin, mahai teknikoak antolatu dira, funtsezkoak diren agenteak elkarrizketatu eta herritarren partaidetzarako foroak egin dira. Gainera, herritarren pertzepzioari buruzko inkesta bat egin da, eskualde mailako lagina hartuz; era berean, on-line erako galdera-sorta bat eskaini da www.ut21.orgwebgunean, herritarrek ekarpenak egin zitzaten. Emaitza gisa, Tokiko Agenda 21eko hamar Ekintza Planak sortu dira, eta udalbatzetan aurkeztuko dira, onartuak izan daitezen.

Gainera, eskualdeko udalerrietako Diagnostiko eta Ekintza Planetatik ateratako ondorio nagusietatik abiatuta, Eskualdeko Agenda 21eko Ekintza Plana diseinatu da, eta horrek Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoaren ekintza gidatuko du datozen urteotan.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek laguntza teknikorako zerbitzua kontratatu zuen Ondoan S.Coop – Haizea Ikerketa S.L. ABEErekin, lehiaketa publiko ireki bidez. Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren finantziazioa jaso du, Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen bitartez.

Eskualdean Tokiko Agenda 21 delakoaren lehenengo Ekintza Planak (orain berrikusi egin direnak) egiteko lana 2006an amaitu zen, eta, ondorioz, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal udalerrien elkartea sortu zen; horrek, halaber, Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa eta iraunkortasunaren inguruko udalen arteko lankidetza ekarri zituen.

Duela gutxi, Galdakaoko Udalak bere Ekintza Plana onartu zuen, eta bihar prozesuari buruzko informazio zehatza eskainiko du. Etxebarriko Udalak, berriz, atzoko Osoko Bilkuran onartu zuen.

Prozesu honen emaitzak datozen egunotan egongo dira eskuragarri www.ut21.org webgunean.

   

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo