Berriak | 2013-05-07

Ibaiertzearen 145 m2tan zeuden landare inbaditzaileak kendu dira Arrankudiaga-Zollon

 Ibaiertzearen 145 m2tan zeuden landare inbaditzaileak kendu dira Arrankudiaga-Zollon

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du pasa den larunbatean, maiatzaren 4ean, espezie arrotz inbaditzaileak kentzeko jardunaldia egin zela Arrankudiaga-Zollotik pasatzen den Nerbioi errekaren ibaiertzean, Reinoxmetal dagoen Arbide auzoan hain zuzen ere.

Ekintza hau “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko, hots, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietako ibai eta erreketan, biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko” proiektuari lotua dago.

20 pertsonako talde boluntario batek 3 ordu eta erdiz espezi arrotz inbaditzaileak kentzen jardun zuen. Ibaiertzeko 145 m2tako gunean aritu izan ziren honako espezieak kenduz: artemisa inbaditzailea (Artemisia verlotiorum), Panpa belarra (Cortaderia selloana) eta kainabera (Arundo donax). Gainera akazia (Gleditsia triacanthos) bati ere eraztuna egin zioten naturalki lehortzeko. Kendutako laginak poltsetan gorde ziren, haziak airean ez barreiatzeko. Bestalde, tokiaren garbiketa ere egin zen, guztira 20 kilo hondakin batuz.

Ekintza hau garatzeko, talde profesional baten aholkularitza teknikoa eta zuzendaritza jaso zen. Hasieran eta amaieran, azalpen bat eman zitzaion taldeari, ingurunearen balio ekologikoaren garrantzia aipatuz, bertako espezie mehatxatuak zeintzuk diren azalduz eta hauentzat ekintza honek ekar dezaken onura nabarmenduz. Parte hartzaileei informatzeko liburuxka bana eman zitzaien eta ekintza hauek inguruko flora eta faunan duten garrantzia azpimarratu zen.   

Azaroaren 23an beste jarduera berri bat egingo da leku berean, deialdia zabala izango da edozein boluntariok parte har dezan. Kasu honetan, bertako espezie autoktonoak landatuko dira, kendutako espezie arrotz inbaditzaileek kolonizatu duten tokia berreskuratzeko helburuarekin.

Espezie arrotz inbaditzaileak, biodibertsitatea galtzearen arrisku nagusietako bat dira. Hauek gure lurraldean zehar barreiatzen dira, inongo kontrolik gabe, eta ondorioz tokiko ekosistemetan kalte larriak eragiten dituzte.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo