Berriak | 2013-06-08

Nerbioi ibaiertzeko flora exotiko inbaditzailea kentzeko jardunaldia Basaurin

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du datorren larunbatean, ekainaren 15ean, flora exotiko inbaditzailea kentzeko jarduera berri bat egingo dela, oraingo honetan Basaurin. Hitzordua 9:30tan da Artunduaga zubian (Gerdau aurrean eta Mercabilbaoko biribilgune alboan), Nerbioi ibaiaren ibaiertzean jarduteko. Parte-hartzea zabala da eta interesa duen edozein boluntariori zuzendua dago. 3 ordutako ekintza aurreikusten da eta arropa eta zapata erosoak eramatea gomendatzen da. Jarduera amaitzean, informazio eta sentsibilizaziorako kartel bat jarriko da bertan.

Ekintza hau “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko hots, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Orduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietako ibai eta erreketan, biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko” proiektuari lotua dago.

Jardueran, Nerbioi ibaiertzean dauden Cortaderia selloana, Arundo donax, Buddleja davidii bezalako espezie exotiko inbaditzaileak kenduko dira. Jarduera horren bitartez, tokiko espezieak berez haztea ahalbidetuko da, biodibertsitatearen eta haltza, sahatsa edo intsusa bezalako bertoko ibaiertzeko espezieen galera etengo da, eta faunarentzat babesgarriago eta naturalagoa den paisaia sortuko da. Halaber, ingurua garbitu eta zabor bilketa egingo da.

Ekintza hasi aurretik, aholkularitza teknikoaren arduradunek azalpen bat emango dute jardueraren ezaugarriak eta metodologia ezagutzeko. Ingurunearen balio ekologikoaren garrantzia ere azpimarratuko da eta espezie exotiko inbaditzaileek sortzen dituzten arriskuen inguruan ere hitz egingo da.

Degradatutako ibaiertzak berreskuratzeko, eskualde mailan egiten den zortzigarren jarduera da Basauriko hau. Udalerri honetan egiten den lehen jarduera da eta azarorako beste bi jarduera aurreikusten dira toki berean jarduteko, bertako espezie autoktonoak landatzeko beste bi ekintza hain zuzen ere. Hauetako bat, ikastetxeekin egingo da eta bestea deialdi zabal bidez.

Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko diru-laguntza jaso du.

Informazio gehiago:http://www.ut21.org/noticias_mas-e.php?id=386; udaltalde21@ut21.org  edo 94 671 26 99

  

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo