Berriak | 2013-06-07

Ugaon izan da Eskolako Agenda 21aren urteko foroa

Ugaon izan da Eskolako Agenda 21aren urteko foroa

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi du Ugao-Miraballesko Eskolako Agenda 21aren foroa egin zela ekainaren 7an, ostiralean, udaletxeko bilera-aretoan. Ekitaldiak amaiera eman zion 2012-2013 ikasturteko egitarauari; hain zuzen ere, elikadura jasangarriaren gaia izan du ardatz egitarauak, bigarren urtez jarraian.

Foroan Ugao-Miraballesko alkate Ekaitz Mentxakak eta Ugao HLHIko 35 ikaslek eta hainbat irakaslek hartu dute parte.

Ikasleen ordezkariek ikasturtean Eskolako Agenda 21en esparruan egin dituzten ekimen guztiak azaldu dituzte: eskolako ortua zaindu, hazitegia martxan jarri, patruila berdeak sortu, hainbat produktu (tartean marmelada eta erroskillak) prestatu Ugao-Miraballesen erositako produktuekin, eta hainbat tailer eta jardunaldi, besteak beste.

Ekimen horiekin ikasitakoa oinarrizko bi ideiatan laburtu dute: tokiko produktuak erostearen eta sasoian sasoiko elikagaiak jatearen garrantzia. Era berean, senide eta lagunei ideia horien berri emateko konpromisoa hartu dute, baita atsedenaldietan produktu osasungarriak jateko eta eskolako ortua zaintzeko konpromisoa ere.

Azkenik, alkateari eskaria egin diote Udalak eskolako ortuan hazitegia sortzeko plastiko bat eta apal batzuk jar ditzan. Alkateak, Ekaitz Mentxakak, eskerrak eman dizkie aurkezpenagatik eta ikasturtean egindako lan guztiagatik, eta adierazi du hazitokia sortzeko gune hori prestatzen saiatuko dela, orain arte bezala ekintza horiek egiten jarraitu dezaten. Ekitaldia ixteko, alkateak sagar eta zuku bana eman die bertaratutakoei.

Eskolako Agenda 21en urteroko foroaren helburua da hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta lankidetza indartzea tokiko garapen jasangarrian.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo