Berriak | 2013-09-10

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen arteko hitzarmena, tamaina txikiko etxeko hondakinak biltzeko zerbitzurako

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi nahi du berriki sinatu dutela “Bizkaiko Foru Aldundia eta Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal arteko hitzarmena, tamaina txikiko etxeko hondakinen berrerabiltzea prestatzeko zerbitzua emateko”.

Zerbitzu honek kalean kokatutako edukiontzi espezifikoetan (kolore zurikoetan) herritarrek lagatako tamaina txikiko material berrerabilgarriak kudeatzea du helburu; modu horretan, arropa, oinetako, osagarri, liburu, jostailu, bazar eta tresna elektriko nahiz elektronikoetako frakzioak utziko dituzte bertan. Eskualdeko hamar udalerrietan 29 edukiontzi jarrita daude, taula honetan adierazitako kokalekuetan.

Hitzarmena sinatu ondoren, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Rezikletarekin duen kontratuaren bitartez ematen duen etxeko hondakinak biltzeko zerbitzua, hemendik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatuko du, Garbiker sozietate publikoaren bidez. Azken horrek, era berean, zerbitzuaren prestazioa guztiz edo modu partzialean kontratatu ahal izango du, betiere, aplikagarriak zaizkion lizitazio prozedurak aintzat hartuta.

Modu horretan, etxeko hondakin horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzakoak izatera pasatuko dira, eta Garbiker foru sozietatearen bitartez kudeatuko dira. Ingurumen prozedura administratiboak betez, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Garbikerri eman dio bere ordezkaritza, Erakunde Kudeatzaile Ordezkari (EKO) den aldetik, Nerbioi-Ibaizabaletik etorri eta edozein tratamendutegitara doazen hondakinen onarpen dokumentuen (OD) eta jarraipen nahiz kontrol dokumentuen (JKD) kudeaketa elektronikorako.

Indarrean zegoen aurreko kontratua etetea adostu ondoren, zerbitzuaren kostua Bizkaiko Foru Aldundiak ezartzen duen prezio publikoak baldintzatuko du. 2013rako onartutako prezio publikoa 65 eurokoa da, BEZ sartu barik, tona metrikoko.  Horrenbestez, %75 aurreztuko da, egungo zerbitzuaren kostuaren aldean, hau da, 33.000 euro urtean zifra absolutuetan; eta hori foru erakundeak egindako ekarpenaren ondorio da.

Hondakinen kudeaketaren ondorioz, hitzarmenak elkarrenganako informazio fluxua aurreikusi du, hain zuzen ere, Bizkaiko Lurralde Historikoaren hiri hondakinen Behatoki Iraunkorraren bitartez. Alde biek datuak eta estatistikak eskainiko dituzte, ingurumenari buruzko informazioa kontsultatu ahal izateko; era berean, herritarren partaidetza aktiboa eta eraginkorra izatera bideratutako sentsibilizazio eta zabalkunde lanetan jardungo dute. Erakunde bietako ordezkariz osatutako Jarraipen Batzordeak zerbitzuaren bilakaera eta beharrizan berriak jorratuko ditu.

Hitzarmenari esker, zerbitzua Zeberioko udalerrian ezarri ahal izan da, Sautuolabarri 3 auzoan, eta, modu horretan, eskualdeko udalerri guztiek behar bezala kudeatu ahal izango dituzte hondakin hauek.

Hitzarmenak bost urteko indarraldia izango du, eta indarraldi hori elkarren segidako bost urteko epeen bidez luzatu ahal izango da.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo