Berriak | 2013-09-17

Nerbioi-Ibaizabalgo ikastetxeetan segurtasun neurrien gainean egindako ikerketaren ondorioak

Mugikortasunaren Europako Astea dela-eta, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek argitara eman nahi ditu Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ikastetxeetako sarbideen segurtasun azterketaren ondorioak, berriki amaitu dena. Proiektu honen bitartez, jarduerak zehaztu nahi dira, ikastetxeetan mugikortasun iraunkorra sustatze aldera.

Lanak Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetarako (21 ikastetxe, 9 udalerritan) zenbait proposamen espezifiko zehazten ditu, hain zuzen ere, erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko. Modu horretan, ikastetxeak bertatik bertara aztertu ondoren, erabiltzaileen oinezkoentzako tarteetan egon litezkeen gune gatazkatsuak ikusi dira. “Mugikortasun armiarma” deritzona modu teorikoan sortu da, oinezkoentzako biderik erabilienak eta, ondorioz, arriskurik handiena luketenak antzemanez. Horretarako, udalerri bakoitzeko biztanleen datu-baseak baliatu dira, ikastetxe bakoitzera doan biztanle-kopurua adierazten duen simulazio teorikoa eginez.

Esan beharra dago, oro har, ikastetxeetatik hurbilen dauden inguruek bide-segurtasunerako neurri egokiak dituztela. Halaber, lasaitze-neurriak, espaloi egokiak eta ikastetxeen berri ematen duten seinaleztapena ere badute. Azterketak gune sentikor hauek hobetzeko proposamenak eskaintzen ditu, motorizatu gabeko mugikortasunerako. Kasu bakoitzaren egoeraren ezaugarriak eta proposamen ugariak direla-eta, prentsa-ohar honek gomendio orokorrak baino ez ditu jasotzen.

Lehendabizi, oso gomendagarritzat jotzen du abiadura 30 km/ordura mugatzea ikastetxeen inguruetan.

Ibilgailuek ikastetxeen inguruetan abiadura murrizteak ekar dezakeen eragina hobetzeko, argi keinukariak instalatzea proposatu da. Argiok ikastetxeetara sartzeko eta ikastetxeetatik irteteko orduetan baino ez dira aktibatuko.

Angeluko baterian aparkatzeari dagokionez, atzerako martxarekin egitea gomendatzen da. Horrek ibilgailuen segurtasuna areagotzen du, izan ere, zirkulaziora itzultzeko maniobra arriskutsua ikuspen osoarekin egin daiteke. Gainera, horrek mesede egiten die galtzadatik igarotzen ari diren txirrindularien eta oinezkoen segurtasunari ere. Gainera, ibilgailuaren atzeko parteak (aurrekoa baino laburragoa da) espaloiaren zati bat inbadituko lukeenez, oinezkoak hobeto ibiliko lirateke bertatik.

Oinezkoen bideak hobetzeko beste jarduera garrantzitsuetako bat da “belarriak” jartzea oinezkoentzako pasabideetan, zaurgarrienak babesteko, ikuspen handiagoa emanez: modu horretan, ibili beharreko distantzia murriztu egiten da, oinezkoen bideetan aparkatzea zailtzen da, eta interesgarria da aipatutako “belarriak” oinezkoen pasabide goratuekin batera erabiltzea. Neurri hori zabor-edukiontzien kokalekua aintzat hartuz egin behar da, oinezkoen pasabidearen ondoren jarriz (ibilbidearen noranzkoan); modu horretan, ez litzateke oinezkoen ikuspena saihestuko. 

Diseinurako irizpide gisa, hirigunetik kanpora dauden eta espazio nahikoa duten ikastetxeetarako, sarreren bereizmen fisikoa egitea proposatu da: autobusentzat, ibilgailuan datozen senideentzat eta oinezko nahiz txirrindularientzat. Hala, senideentzako sarreran, luzera jakin batzuk iradoki dira, betiere, ikastetxe motaren eta erabiltzaile kopuruaren arabera. Era berean, ikastetxea zirkulazioaren ardatz nagusitik 150 metrora egotea gomendatzen da, ikastetxera doazen ibilgailuen ilarek zirkulazioaren ardatzari eragin ez diezaioten.

Hirietan dauden ikastetxeetan, arazorik ohikoena da ikasleak senideen ibilgailuetan etortzea eta modu berean batzea; izan ere, horrek inguruko zirkulazioari eta bide segurtasunari eragiten dio. Kasu hauetan, esku hartzeko neurrien artean, ikastetxearen eta ikasleen gurasoen arteko lankidetza nabarmendu behar da, hirigintza edota zirkulazio arloko konponbideak planteatu beharrean. “Eskola Bide Segurua” proiektua da, kasu hauetan, gomendagarriena. Izan ere, bertan, gurasoek, irakasleek eta ikastetxeko erabiltzaileek parte hartzen dute.Halere, ahal den kasuetan, ikastetxetik hurbil aparkaleku bat egokitzea iradokitzen da, eta ikastetxera bitarteko bidea oinezkoentzat atontzea.

Azkenik, gomendagarria da “Eskola Bide Segurua” aplikatzeko aukerak aztertzea eskualdeko lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan, oinez egiteko distantzia zentzuzkoa denean.

Lan hau Leber Planificación e Ingeniería, S.A. enpresak egin du eta 21.780 euroko kostua izan du, BEZ sartuta. Energiaren Euskal Erakundearen Garraio eta Mugikortasun eraginkorrerako diru-laguntzen programaren %50eko diru-laguntza jaso du, BEZ sartu barik. Horren bitartez, garraioaren eta mugikortasunaren energia-kontsumoa arrazionalizatzea lortu nahi da, aldaketara bideratutako inbertsio eta proiektuen bitartez, garraio eraginkorragoak erabiltzeko, “Jarduera-zentroetara doazen garraio-planekin erlazionatutako jarduera espezifikoen ikerketak" delakoaren ildoan. 

Informazio gehiago:

http://www.ut21.org/noticias_mas-e.php?id=407

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo