Berriak | 2013-09-28

Boluntario talde batek Altube ibaiertzeko landare exotikoak kendu ditu Orozkon

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du pasa den larunbatean, irailaren 28an, espezie arrotz inbaditzaileak kentzeko jardunaldia egin zela Orozkon, Altube ibaiertzean gauzatu zen ekintza, Presatxu auzoan.

Ekintza hau “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko, hots, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietako ibai eta erreketan, biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko” proiektuari lotua dago.

Hiru orduz 16 pertsonako taldea 150 metrotako ibaiertzean lanean aritu izan zen. Beste batzuen artean, Panpa belarra(Cortaderia selloana), Budleya(Buddleja davidii) eta Kainabera(Arundo donax) bezalako espezie exotiko inbaditzaileak kendu zituzten. Lagin hauek poltsetan gorde ziren, haziak airean ez barreiatzeko, 40 kilo inguru. Bestalde, tokiaren garbiketa ere egin zen, guztira 8 kilo hondakin batuz.

Ekintza hau zuzentzen duen talde profesionalak, hasieran eta amaieran, azalpen bat eman zuen, ingurunearen balio ekologikoaren garrantzia aipatuz, bertako espezie mehatxatuak zeintzuk diren azalduz eta hauentzat ekintza honek ekar dezaken onura nabarmenduz. Parte hartzaileei informatzeko liburuxka bana eman zitzaien eta ekintza hauek bertako flora eta faunan duten garrantzia azpimarratu zen.  

Degradatutako ibaiertzak berreskuratzeko, eskualde mailan egiten den zortzigarren jarduera da Orozkoko hau eta udalerri honetan egiten den lehen ekintza. Udazkenean, abenduak 10ean beste hitzordu bat aurreikusten da toki berean bertako espezie autoktonoak landatzeko, eskolako umeekin. Eskualde mailan, hurrengo deialdia, Arakaldon izango da, urriak 19an.

Espezie exotiko inbaditzaileak biodibertsitatea galtzearen arrisku nagusietako bat dira. Hauek gure lurraldean zehar barreiatzen dira, inongo kontrolik gabe, eta ondorioz tokiko ekosistemetan kalte larriak eragiten dituzte. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo