Berriak | 2014-03-28

Udaleko fakturazio elektrikoa optimizatzeko proiektua

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinararazten du fakturazio elektrikoa optimizatzea xede duen proiektua jarri dela abian, bai eta energia kudeatzeko planak ere, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko Udaletan.

Urrats bat gehiago da energiaren tokiko gastuaren kudeaketan eta aurrezte ekonomikoan (gutxiago ordaindu, kontsumo beragatik); gainera, bateragarria eta osagarria da dagoeneko abian diren edo epe laburrean energia aurrezteko abiaraziko diren beste ekintza batzuekin (gutxiago kontsumitu, eta, ondorioz, gutxiago ordaindu).

Lan honen xedea da argiztapen publikoaren eta udal eraikinen kontratuak eta fakturak aztertzea, kontularitza energetikorako berariazko software baten bitartez. Software horrek hobetzeko aukerak detektatuko ditu kontratatutako potentziari, ordutegi-diskriminazioari, tarifei eta hornidura elektrikoaren amaierako zenbatekoan eragin handia duten beste alderdi batzuei dagokienez. Ondoren, udalek elektrizitateari dagokionez daukaten gastua murrizten lagunduko duten hobekuntzak eta doikuntzak ezarriko dira.

Lanak tresna informatikoa eskainiko du udaleko kontularitza energetikoa eguneratuta izateko eta balizko desbideratzeak eta hobekuntzak identifikatzeko, proiektua gauzatzen den bitartean eta proiektua amaitu ondoren ere.

Era berean, udal parte-hartzaileei begira, eraginkortasun energetikorako inbertsio proposamenak jasoko dituen ekintza plana aztertu eta planteatuko da.

Lan honek Esetek Smart Energy, S.L.ren aholkularitza teknikoa izango du; izan ere, deitutako lehiaketara aurkeztutako hiru eskaintzen artean berarena izan zen garailea. Kontratuaren prezioa 21.780 eurokoa da, BEZ barne. Betearazpen epea aurtengo abenduaren 31n amaituko da. Nabarmendu behar da proiektu honen bitartez zenbatetsitako aurrezte ekonomikoa, 2014an soilik, aholkularitza teknikorako zerbitzu honen kontratazio prezioa baino nabarmen handiagoa izango dela.

Proiektua Tokiko Agenda 21en Eskualdeko Ekintza Planaren barruan dago, hain zuzen ere, honakoen barruan: 3.2. programa, “Kudeaketa energetikoaren hobekuntza eta klima-aldaketaren kontrako borroka sustatzea”, eta 3.2.1. ekintza, “Eskualdeko udalen eta biztanleen kudeaketa energetikoari laguntzea”. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo