Berriak | 2014-04-29

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalaren hondakin bilketaren 2013ko balantzea

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek argitara ematen du Nerbioi-Ibaizabal Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoak kudeatzen dituen hondakinak biltzeko zerbitzuen 2013ko balantzea, honako gai hauen bilketari dagokiona: etxeko landare-olio erabilia, arropa eta etxeko bestelako objektu berrerabilgarriak; inprimatze hondakinak eta mugikorrak; eta pilak eta metagailuak.

Gai horiek biltzeko zerbitzua eskualdeko hamar udalerritan eskaintzen da: Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio.

Hondakin bilketaren esparruko arlo honek 74.027,45 euroko gastua sortu du 2013an; Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen aurrekontu osoaren %15,36, hain zuzen ere. Nabarmentzekoa da 13.084,18 euro aurreztu direla, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako honako hitzarmen honi esker: “Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal, S.L.ren arteko hitzarmena, tamaina txikiko etxeko hondakinen berrerabiltzea prestatzeko zerbitzua emateko”.

Jarraian ikus daitezke datu adierazgarrienak, labur adierazita.

Etxeko landare-olio erabilia

46 edukiontzi daude hamar udalerrietan, eta 34.309 kilo etxeko olio bildu dira horiei esker; biztanleko 0,51 kilo, batez beste. Aurreko urtearekin alderatuta, pixka bat igo da bildutako olioaren kopurua: %2, zehazki.  

Aurten ere, Arakaldon bildu da biztanleko olio gehien. Haren ondotik datoz Arrankudiaga-Zollo eta Ugao-Miraballes. Nabarmentzekoa da, hala ere, igoera izan dela biztanleria handieneko hiru udalerrietan: Arrigorriaga, Etxebarri eta Galdakao.

Etxeko landare-olio erabiliaren kudeaketaren ardura Rafrinor S.L. enpresak du. Ardura horrek honako jarduera hauek barne hartzen ditu: edukiontziak jasotzea eta mantentzea, olioa legez baimendutako zentro batera garraiatzea eta hondakinaren energia-balorizazioa gauzatzea, biodesela fabrikatuz eta bestelako erabilera batzuk emanez. Zerbitzu honen kostua 2013an, 43.332,38 euro izan da.

Arropa erabilia eta etxeko bestelako objektu berrerabilgarriak

2013 urtean, 185.295,75 kg bildu dira arropa erabilitan eta etxeko bestelako objektu berrerabilgarritan (jostailuak, liburuak, gailu elektriko eta elektroniko txikiak, bitxiak eta bazarreko gauzak), hamar udalerrietan ezarrita dauden 29 bilketa guneetan. Kopuru horrek biztanleko 2,77 kg-ko ratioa ematen du. 

Uztailaren 17an “Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal, S.L.ren arteko hitzarmena, tamaina txikiko etxeko hondakinen berrerabiltzea prestatzeko zerbitzua emateko”hitzarmena sinatu bitartean, berrerabilpena antolatzeko edukiontziaren zerbitzua Rezikleta enpresak ematen zuen, hark irabazi baitzuen lehiaketa, 2012an. Elkarrekiko adostasunez kontratua iraungi ondoren, zerbitzua Garbiker sozietate publikoak hartu zuen bere gain; horrela, zerbitzuaren kostua tonako 65 eurora murriztu zen (BEZ kanpo). Horrela, %75eko aurrezkia lortu da, foru erakundearen ekarpenari esker. Akordioak bost urterako indarraldia du, baina hurrenez hurreneko luzapenak egin ahal zaizkio, bost urteko aldietarako. Hitzarmena sinatu ondoren, zerbitzua Zeberion ezarri zen.

Zerbitzuaren kostu osoa 30.592,22 eurokoa izan da, aurreikusitakoa baino 13.407,78 euro gutxiago, uztailean sinatutako hitzarmenak eragindakoa aurrezte dela medio.

Arropa eta etxeko bestelako objektu berrerabilgarriak Koopera Reusing Center tratamendu integralerako plantara eramaten dira, Mungiara; han, sailkatu eta egokitu egiten dituzte, objektu erabilgarri eta berraktibatu bihurtzeko. Ondoren, merkatu iraunkor eta solidarioan merkaturatzen dira.

Inprimatze hondakinak eta mugikorrak

2013an, 581 kilo bildu dira inprimagailu eta fotokopiagailuen kartutxo hutsetan, tonerretan eta tintatan, erabiltzen ez diren telefono mugikorretan eta kargatzeko gailutan. Era horretako hondakinak biltzeko 54 edukiontzi daude, hamar udalerrietako toki publiko eta irisgarrietan. Bildutako kopuruak 1.000 biztanleko 8,7 kg-ko ratioa ematen du. Aurreko urtearekin alderatuta, %5 handiagoa. 

Biztanleko ratioei dagokienez, nabarmentzekoak dira Ugao-Miraballes eta Zeberioko datuak. Zerbitzuak ez dakar kostu ekonomikorik, 2011. urtean Arrigorriagako Bioservice kudeatzaile baimenduarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker.

Kontsumigarri berrerabilgarriak berriro merkaturatzen dira; gainerakoak, berriz, birziklatu egiten dira, beste industria batzuetan lehengai modura berrerabiltzeko.

Pilak eta metagailuak

2013an 897 kg pila eta metagailu (bateria) bildu dira hamar udalerrietako toki publiko eta irisgarrietan ezarritako 54 bilketa guneetan. Ondoriozko ratioa 1.000 biztanleko 13,4 kg-koa da, 2012koaren oso antzekoa.  

Biztanlekako ratioetan, Arakaldo eta Zaratamo nabarmentzen dira.

Zerbitzuak ez dakar kostu ekonomikorik, Ecopilas Fundazioarekin 2011n sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Erakunde horrek pilen eta metagailuen KSI bat (kudeaketa sistema integratua) kudeatzen du, zeinetan parte hartzen baitute, halaber, eskualdeko hainbat saltokik. Hondakin horiek Aldi Baterako Biltegiratze Gune batera eramaten dira, eta bertan biltegiratzen dira, azken kudeaketarako plantetara igorri arte.

Hondakinen kudeaketaren hobekuntza iraunkorra lehentasunezko arloa da Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalentzat eta eskualdeko udalentzat, eta herritarren inplikazioaren premia du. Ildo horretatik, datozen hilabeteetan zerbitzua zabaltzeko urrats berriak egingo dira: bosgarren edukiontzia eta konpostatzea ezarriko dira, hain zuzen ere. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo