Berriak | 2014-06-05

Galdakao-Usansolo Ospitalea saritu dute, ingurumenaren iraunkortasunerako egin duen kudeaketagatik

Galdakao-Usansolo Ospitalea saritu dute, ingurumenaren iraunkortasunerako egin duen kudeaketagatik

Galdakao-Usansolo Ospitaleak, Osakidetzako Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratu (ESI) berrian erreferentzia-zentro denak, accesita lortu du bere “Ospitale Berdea” proiektuagatik, Enpresentzako Europako Ingurumen Sarien estatuko ataleko “Garapen iraunkorrerako kudeaketa” kategorian.

Aintzatespen garrantzisu horri esker, osasun-zentroak estatuko kanporaketa gainditu du, eta Europako Sarietarako hautagai sendoa da. Urri-azaroan erabakiko dute irabazlea nor izango den.

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egin du sariketako estatuko atalaren deialdia, Fundación Biodiversidad fundazioaren bitartez. Europako Batzordeko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarenak dira Enpresentzako Europako Ingurumen Sariak, eta enpresa berritzaileenak, ingurumenarekin arduratsuenak direnak eta garapen ekonomiko iraunkorrerako laguntza ematen dutenak ohoratzen dituzte.

Ingurumenaren Mundu Eguna da gaur, ekainaren 5ean, eta egun hori dela-eta, estatuko sariak eman dituzte gaur goizean Madrilen, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren egoitzan. Asturiasko printze-printzesek eta gaur egungo Ingurumen ministro Isabel García Tejerinak eman dituzte sariak.

Bestalde, Barrualde-Galdakao ESIren izenean, saria hartzera joan dira Jon Guajardo, zuzendari kudeatzailea; José Alberto Arriaran, Ingurumen-kudeaketaren arduraduna; eta Arantza Altuna, hau ere erakunde sanitarioko Ingurumen-kudeaketa Sailekoa.

Aintzatespen horren harira, Guajardok honako hau adierazi du: “edozein sari jasotzeak harro sentiarazten du edozein erakunde publiko; kanpotiko aintzatespena da, eta merezitakoa, zerbitzua emateko egunero egiten duten lanagatik, eta, oraingo honetan, oso preziatua den zerbait babesteko, alegia, ingurumena”.

“Ez dago zalantzarik gurea bezalako ospitaleek, biztanleen osasuna hobetzeko lan egitea xede dutenek, etengabe kontsumitu beharra dutela; hots, ekonomiaren arloan zein giza eta natura baliabideak kontsumitu behar dituzte, eguneko 24 orduetan. Hori dela-eta, ospitaleak bere egiten du eskura dituen baliabide ekonomiko publikoak modu iraunkorrean administratzeko ardura, baina ez hori bakarrik; baliabide horiek ingurumenean duten eragina administratzeko ardura ere bai”.

Bestalde, Arriaranen arabera hiru izan dira aintzatespen horren “gakoak”, eta zehaztasunez azaldu ditu: “batetik, duela bost urte gure erakundeak izan zuen sena, hau da, ingurumena babestu eta zaintzeko bideari ekitea, baliabide asko kontsumitzen genituela jakitun izanik; bestetik, profesional-talde sendoa, hain zuzen, beren lanarekin, ingurumen-politikaren ildo hori finkatu dutelako; eta, azkenik, egunez egun, ingurumen-politika eraginkor izatea eta ondo inplementatzea lortu dugulako”.

Proiektua

2010ean “Ospitale Berdea” proiektua sortu zen, ospitalean Gizarte Erantzukizun Korporatibo kontzeptua sustatu eta garatzeko helburuarekin, eta ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren iraunkortasunari lotuta. Besteak beste, honako ekintza-ildo hauek hartu zituen barnean: era berdean erostea, uraren kontsumoa optimizatzea, eraginkortasun energetikoa, hondakinen kudeaketa eta emisio kutsatzaileak kontrolatzea.

Alde batetik, besteak beste plastiko, paper, erregai eta energia gutxiago kontsumitzea lortu zuen askotariko ekintzen bitartez, hala nola: plastikozko poltsen ordez paperezkoak erabiltzea, ohiko lanparak LED teknologiadunez ordeztea, etxeko ospitalizaziorako ibilgailu hibridoak eskuratzea eta abar.

Halaber, ingurumen-irizpideak sartu zituzten administrazioko kontratazio-espedienteetan, helburu hartuta modu iraunkorrean administratzea eskura dituen baliabide ekonomiko publikoak, ingurumenean duten eragina, eta ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako helburuak errazago, modu seguruagoan eta kostu gutxiagorekin betetzen laguntzea. 2010-2011 urte-tartean espedienteen %30ek zituen ingurumen-klausulak, eta espedienteen %100ek 2012. urtean.

Gaur egun, proiektuan egiten den lana bideratzen da, batetik, gainerakoak aurrera eramango dituen bultzatzaile lanak egitera eta, bestetik, Osakidetzako sareko erakunde sanitarioei erantzuna ematen saiatzera. Halaber, “Ospitale Berdea” proiektuari jarraipena emango zaio. Izan ere, Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratu berriaren ildo estrategikoetako bat Enpresaren Gizarte Erantzukizuna eta Iraunkortasuna da eta, horrenbestez, proiektua eraldatu eta luzatuko da, eta erakunde sanitario berriko zentro guztiak barnean hartuko ditu.

Erakunde sanitario berri horren barruan daude Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko, Durangaldeko eta Kostaldeko osasun-zentroak (hots, Zornotzatik hasi eta Urduñaraino, tartean Lekeitio eta beste hainbat), 58 kontsultategi, 14 osasun-zentro, hiru anbulatorio, Gernika-Lumoko ospitalea eta Galdakao-Usansolo Ospitalea. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo