Berriak | 2014-10-08

Martxan jarri da Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ekosistema hezeetako eta ibaialdeetako fauna eta flora autoktonoak hobetzeko ekintzen proiektua

Martxan jarri da Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ekosistema hezeetako eta ibaialdeetako fauna eta flora autoktonoak hobetzeko ekintzen proiektua

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ekosistema hezeetako eta ibaialdeetako fauna eta flora autoktonoak hobetzeko ekintzak Arakaldon, Arrankudiaga-Zollon, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Orozkon, Urduñan, Ugao-Miraballesen, Zaratamon eta Zeberion” izeneko proiektua martxan jarri dela.

Ingurumena leheneratzeko eta biodibertsitatea sustatzeko kanpaina da, bigarren urtez jarraian egiten dena eskualdeko udalerri guztietan, boluntarioen parte-hartzearekin.

Zehazki, proiektu honen xedea Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko hamaika udalerrietako ekosistema hezeak eta ibaialdeak leheneratzeko ekintzak garatzea da, mehatxatuen dauden bertoko fauna eta flora espezieen baldintza ekologikoak eta habitatak hobetuz. Espezie horien artean daude, esate baterako, baso-igel jauzkaria (Rana dalmantina), miru gorria (Milvus milvus) eta bisoi europarra (Mustela vison).

Hauek izango dira zeregin nagusiak: udalerri bakoitzean aukeratutako inguru hondatuetan, ibaiertzetako zuhaixka eta zuhaitz espezie autoktonoak landatzeko eta mantentzeko ekintzak; ibaien urbazter eta inguru heze sentikorretan dauden landare-espezie exotiko inbaditzaileak antzeman eta eskuz erauztea; bi putzu artifizial egitea, mehatxatutako anfibioak eta narrastiak indartzeko; eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ibai eta hezeguneetako fauna-espezieei buruzko hiru sentsibilizazio-kanpaina egitea.

Hobekuntza ekologikoko ekintzak egingo dira eskualdeko 11 udalerrietan, eta, sentsibilizazio kanpainak orokorrak herri horietan guztietan. Guztira, gutxi gorabehera, hondatutako ibaiertzetako 1.800 metro linealeko eremuan egingo dira ekintzak, 6 km2 inguruko azaleran. Proiektuaren egutegia 2014ko urritik 2015eko martxora bitartekoa da. Proiektuaren helburua da eskualdeko ahalik eta herritar kopururik handiena inplikatzea eta sentsibilizatzea, bai tokian tokiko hobekuntza ekologikorako ekintzei dagokionez eta bai sentsibilizazio-ekintzei dagokienez.

Lan guztiak proiektuarekin loturiko teknikarien zaintzapean egingo dira, eta teknikari horiek orientatu eta gidatuko dituzte boluntarioak. Ekintza bakoitzean, sentsibilizaziorako materialak emango dira eta, sarrerako hitzaldi baten bitartez, ekintzaren ezaugarriak eta metodologia zeintzuk izango diren azalduko da eta inguruaren balioen eta espezie mehatxatuen berri emango da, ekintzen ondorioz onura gehien jasoko dituzten espezieak zeintzuk izango diren azaltzeaz gain. Gainera, ekintza-gune bakoitzean informaziorako eta sentsibilizaziorako kartel bat jarriko da.

Boluntariotzari dagokionez, ekintzetan kolaboratzeko interesa duten erakunde, elkarte eta pertsonei egingo zaie dei. Bi ekintza mota egongo dira: ikastetxeetan egingo direnak, normalean aste barruan; eta herritar guztiei irekitakoak, ahal dela larunbat goizetan.

Kolaboratzeko interesa duten boluntarioekin egingo den lehenengo ekintza urriaren 11n egingo da, larunbatean, Urduñako La Paul auzoan. Hitzordua 9:30etan da, eta, aurreikuspenen arabera, ekintzak hiru ordu iraungo du, gutxi gorabehera. Parte-hartzaileek ibaiertzen natur balioei buruzko azalpenak jasoko dituzte, bai eta proiektuaren arduradun teknikoen babes materiala ere. Jarduera honetarako, arropa eta oinetako egokiak eraman behar dituzte.

Proiektuak 43.136,50 euroko aurrekontua dauka, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jaso du. Proiektua koordinatu, planifikatu eta dinamizatzeko lanetan, Suspergintza Elkarteak laguntza tekniko profesionala emango du eta Equinoccio Natura, S.C.k gauza bera egingo du mehatxatutako espezieen leheneratze ekologikoko ekintzetan eta sentsibilizazioan.

 I. Eranskina. Ingurumen arloan lortu nahi diren onurak:

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo