Berriak | 2014-12-11

Aurrerantzean, bosgarren edukiontziak `sukaldean prestatutako´ landare-hondakinak ere onartuko ditu

Aurrerantzean, bosgarren edukiontziak `sukaldean prestatutako landare-hondakinak ere onartuko ditu

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal erakundeak eskualdeko herritarrei jakinarazi nahi die etxeko hondakinen zati organikoaren gaikako bilketa aldatu berri dela. Bizkaiko Foru Aldundiko Konpostegian onartzen diren hondakinak arautzen dituen Araudia aldatu ostean, aurrerantzean sukaldean prestatutako landare-hondakinak ere bota ahal izango dira bosgarren edukiontzira edo edukiontzi marroira.

Aipatutako aldaketa Basaurin egindako esperientzia pilotuan oinarritzen da; izan ere, esperientzia horretan egiaztatu da etxeetatik datorren eta sukaldean prestatuta dagoen zati organikoaren kopurua oso txikia dela, eta diluituta geratzen dela konposta egiteko prozesuan. Ondorioz, ez da antzeman eragin negatiborik amaierako produktuaren kalitatean.

Erabaki hau bat dator datozen urteotarako europar ildoekin. Bertan, lehentasuna ematen zaio sortutako konpost kopuruari, kalitatearen aurretik, nahiz eta kalitateari ere ez zaion uko egiten. Era berean, bi helburu lortzen laguntzen du: alde batetik, Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako 2005-2016ko Osoko Planean ezarritakoa (hiri hondakineko zati organikoaren gaikako bilketa osoaren %4), eta, bestetik, Hondakinen 2008/98/CE Zuzentarau Markoak ezarritakoa eta Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen bidezko Estatuko marko juridikoari egiten zaion transposizioan ezarritakoa: etxeko hondakinen eta antzeko hondakinen (udal mailakoak) %50 gutxienez, osotara, berriro erabiliak edo birziklatuak izan daitezen 2020rako. Sukaldean prestatutako landare-hondakinak ere sartuta, gaikako bilketaren eta birziklapenaren inguruko ahalegina errazten da, eta berreskurapenerako helburu eta konpromisoetara hurbilarazten gaitu.

Erabaki horren berri Iosu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Foru Diputatuak eman die urritik aurrera zati organikoaren gaikako bilketa-zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko zazpi udalerrietako Alkateei: Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes eta. Gutun horrek erabakiaren berri ematen du, eta gorago azaldutako arrazoiak argumentatzen ditu.

Beste alde batetik, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek egun gutxi barru beste informazio-kanpaina bati helduko zaio ezarritako helburua lortzeko asmoz: etxeen % 30ek bilketa berrian parte hartzea, bosgarren edukiontzia edo autokonpostajearen bitartez. Informazio bigarren aldi honek honako ekintzak aurreikusten ditu: informazio-puntuak kalean, konpostaje-tailerrak, bosgarren edukiontzirako birziklapen-kita banatzeko puntuak, informazio-kartelak eta beste hainbat.

Gainera, udalerri bakoitzean herritarrek ekimenarekin bat egiteko jarri diren lekuek ere martxan jarraitzen dute. Kasu guztietan, Udaletxea da leku hori, Arrankudiaga-Zollon izan ezik; kasu horretan, Jasangarritasunerako Eskualde Bulegoa da. Arrigorriagan, Udaletxeaz gain, Abusuko Zentro Soziokulturalean ere egin daiteke.

Azkenik, esan beharra dago gaikako bilketa honen arrakasta herritarren parte-hartzearen eta konpromisoaren araberakoa dela, zuzen-zuzenean. Hori dela eta, herritar guztiei gai honen inguruko erantzukizuna hartzeko eta laguntzeko gonbita egiten zaie materia organikoa bereizteko ohitura etxetik bertatik hasi dadin, bosgarren edukiontziaren edo konpostajearen bitartez. Horretarako, Udalek baliabide guztiak jartzen dituzte euren esku. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker, baliabide horiek guztiz doakoak dira.

Argibideak: 946215472 telefonoan eta www.ut21.org

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo