Berriak | 2015-09-08

Zergatik bota hainbeste diru zaborretara?

Zergatik bota hainbeste diru zaborretara?

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek herritarrak kontzientziarazteko kanpaina berriaren xedea da hondakinen frakzio desberdinen banaketa zuzena eta berariazko edukiontzien erabilera egokia sustatzea, hain ezaguna ez den ikuspuntu batetik: horrek udalerri bakoitzarentzat dakarren aurrezki ekonomikoa.

Informazio-kanpaina hau Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberion jarriko da abian aste honetan.

Mezua honakoa da:<<“Gainerakoak”edukiontzian uzten dugun tona bakoitzak 88 €-ko kostua eragiten digu, ematen zaion tratamenduagatik.Birziklatzeko ondo bereizten baduzu, kostu horren %65 aurreztuko dugu.Diru hori gure herria eta bertako bizi-kalitatea hobetzeko erabili daiteke>>

Era zuzenean, deia egiten die herritarrei, ingurumen-ondorioaz gain, kontuan izan ditzaten eguneroko ohituren eragin ekonomikoak. Herritarrek hondakinak era egokian banatzen dituzten udalerrietan, aurrekontu handiagoa dago beste zerbitzu batzuetarako.Aitzitik, ondo banatzen ez duen herri batek, edo hondakinak edukiontzi egokian uzten ez dituen batek, diru gehiago bideratzen du masan bildutako zaborraren tratamendura; izan ere, hori da garestiena, frakzio bakoitzaren tratamendurako uzteak dituen prezioen diferentziagatik.

Hiri-hondakinak behin betiko ezabatzeko tratamendu-zerbitzuagatiko Bizkaiko Foru Aldundiaren prezio publikoaren arabera eta zaborraren frakziokako osaeraren arabera egin da kalkulua; aipatutako prezio publikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren uztailaren 1eko 82/2014 Foru Dekretuan ezarri zen.

Adibidez, masan bildutako tona baten tratamenduak 88,81 euroko kostua dakarkie Bizkaiko tokiko erakundeei.Aldiz, konpostajerako hondakin organikoak, 50,96 eurokoa; edota berrerabiltzeko tratamendua jasotzen duten tamaina txikiko etxeko hondakinek, 71,99 eurokoa.Paper-kartoiaren eta ontzien tratamenduak ez dakarkie kostu ekonomikorik udalerriei (bilketak, berriz, bai).Are gehiago, paper-kartoiak diru-sarrerak eragin ditzake.

Hondakinen ohiko osaera, frakzio bakoitzaren pisuaren arabera, honakoa bada:materia organikoa, %43,86; papera-kartoia, %23,04; beira, %8,18; eta ontziak, %9,6; ondorioa da eskualdean aukera dagoela banaketan hobetzeko, eta, ondorioz, dirua aurrezteko, zaborraren tratamenduaren kostuetan eraginkortasun handiagoa lortuta.

Azken batean, birziklapena errazteko asmoz etxeetan hondakinak banatzeko eta edukiontzi egokian uzteko egiten den ahalegin txikia errentagarria da udalerriarentzat eta, ondorioz, etxeentzat.

Kanpaina honetan, biniloak jarriko dira udalerri bakoitzean jasangarritasunari buruz dauden totem edo informazio-gune iraunkorretan, eta, era berean, 3.500 kartel jarriko dira hamar udalerrietako espazio publikoetan.Gainera, udaletako webguneetan bannerrak jarriko dira eta sare sozialetan mezuak zabalduko dira.

Gaur egun, gainerakoa legez ezagutzen denaz gain, eskualdean edukiontziak daude herritarren esku, frakzio hauetarako:landare-organikoa; papera eta kartoia; ontziak; beira; erabilitako landare-olioa; arropa eta aprobetxatu daitezkeen etxeko beste objektu batzuk; pilak eta metagailuak; inprimaketako hondakinak eta mugikorrak.Tamaina handiko hondakinak biltzeko sistemak ere badaude:Eta, azkenik, Garbiguneak, hondakin berezietarako.Informazio gehiago, www.ut21.org helbidean eta udaletako webguneetan.

Azkenik, urrian, herritarrei informazioa emateko beste kanpaina bat egingo da, bosgarren edukiontziaren edo etxeko konpostajearen bitartez hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen duten familien kopurua nabarmen handitzeko.Zenbakitan, edukiontzi marroian utzitako tona bakoitzak 37,85 euroko aurrezkia dakarkio udalerriari.Etxean konpostatutako tona bakoitzak 88,81 euroko aurrezkia dakar.Adierazle gisa, 2014ko urrian bilketa berri hau ezarri zenetik (bosgarren edukiontzia eta etxeko konpostajea), parte hartzen ari diren zazpi udalerriek 1.087 euro aurrezten dituzte hilean, tratamenduaren kostuetan.Datu ekonomiko horiek arrazoi gehiago ematen dizkigute hondakinen banaketa egokiarekin konprometitzeko.

Informazio-kanpaina honen kostua 4.481,91 eurokoa da, eta ORC Branding-ek diseinatu eta argitaratu du.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo