Berriak | 2016-06-10

Berziklatu Hondakin Handien Tratamendurako Zentroa bisita

Berziklatu Hondakin Handien Tratamendurako Zentroa bisita

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Berziklatu, ekainaren 9an Ortuellan dagoen Tamaina Handiko Hondakinen Tratamenduko Instalaziora egindako bisitaren berri eman nahi du. Bizkaian hondakin hauei ematen zaien tratamendua bertatik bertara ezagutzea izan da helburua, ekainaren 1ean hondakinak biltzeko zerbitzu berria abiarazi zela-eta: altzariak, etxetresna elektrikoak, etxeko beste objektu txiki batzuk.

Bertan egiaztatu ahal izan zenez, Berziklatura iristen diren hondakinak berrerabili, birziklatu edo energetikoki balorizatzen dira dira. Hondakin handiak Berziklatuko berrerabilera-instalaziora garraiatu eta gero, aztertu egiten dira merkatura zein objektu itzul daitezkeen erabakitzeko. Hondakin elektrikoak eta elektronikoak oso-osorik konpon daitezke tailerrean edo partzialki berrerabil daitezke piezak berrerabiliz. Aparatu horiek eta egoera onean dauden etxerako altzariak merkatuko zirkuitura itzultzen dira Emaus nahiz Kooperarenbigarren eskuko denden bitartez.

Berrerabili ezin diren hondakinak hainbat kategoriatan sailkatzen dira: etxetresna elektrikoak (lerro zurikoak, lerro marroikoak eta lerro grisekoak), egur garbia (paletak, oholtzak, altzari sendoak…), egur zikina (aglomeratuak) eta gainerako hondakinak (sofak, koltxoiak…). Gai bakoitzari tratamendu egokiena ematen zaio, birziklapen-maila altuenak lortu ahal izateko. Horrela, egur garbitik egur txikitua lortzen da aglomeratua fabrikatzeko, egur zikina bigarren mailako erregai gisa erabiltzen da, eta sofa eta koltxoien aparrak, txikitu ondoren, Zabalgarbira eramaten dira, balorizazio energetikorako. Azkenik, txikitzeko sisteman geratzen diren metalak urtzaileetara eramaten dira, birzikla daitezen.

Tratamendu honen emaitza honela laburtzen da: Birziklapena, %40,79; Bigarren Mailako Erregaia (kogenerazioa), %38,90; Balorizazio energetikoa, %18,72; Berrerabilpena, %1,53, eta Hondakin Arriskutsuen Kudeaketa, %0,06.

Berrerabili edo birziklatzearen onurak ezagunak dira. Batetik, baliabideen erabilera hobetzen du eta hondakinak sortzea saihesten du. Bestetik, airearen kutsadura ekidin eta klima-aldaketa prebenitzen du.

Laneratzeko enplegua sortuta, Bizkaian sortutako hondakin handien tratamendu integralerako Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatutako proiektua da Berziklatu, 2007an martxan jarri zena. Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerrek, Rezikletak eta Emaúsek hartu dute parte proiektuan.

Ekimen aitzindaria da Europan, sektore publikoa eta gizarte-helburuak dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeak hiri-hondakinen kudeaketa osora eta gizarte-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonak gizarteratzera eta lan-munduan txertatzera zuzendutako proiektu bateratu batean lehen aldiz biltzen dituena.

Bizkaiko 2005-2016 Hiri Hondakinen Kudeaketako II. Plan Integralaren barruan sartzen da. “Lehen mailako hondakinen zero isurketa” da planaren helburua. Horretarako, hondakinetan jasota dauden materialak ahalik eta gehien berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldeko apustua egin da.

Informazio gehiago:

Tamaina handiko etxeko hondakinak biltzeko zerbitzu berria sei udalerritan: http://www.ut21.org/noticias_mas-e.php?id=644

Berziklatu: http://www.berziklatu.eus/

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo