Berriak | 2016-11-04

Zerbitzu berria Urduñan etxeko hondakinen frakzio organikoa biltzeko

Zerbitzu berria Urduan etxeko hondakinen frakzio organikoa biltzeko

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du Urduñako etxeetako hondakin organikoen gaikako bilketaren zerbitzu berria abiarazi dela. Azarotik aurrera, udalerriak bat egingo du bederatzi udalerritan dagoen eskualdeko zerbitzuarekin. Urduñarako egindako berariazko informazio-kanpaina baten bidez, herritarrek izena emateko eta parte hartzeko aukera izango dute. Hiru modalitate daude: bosgarren edukiontzia (marroia), autokonpostajea eta auzokonpostajea.

Hiru modalitate horietan, honela eman daiteke izena: 1) 682797483 zenbakira deituta edo whatsapp mezua bidalita; 2) Inprimakia beteta, www.ut21.org edo Udaleko webgunean; 3) Mezu elektronikoa bidalita konposta@ut21.org helbidera; 4) Banaketa-gune iraunkorretan: Udaleko Herritarren Harrerarako Bulegora, goizez, edo Alondegira, arratsaldez. Horrez gain, larunbat honetan, azaroaren 5ean, Foru plazan karpa bat jarriko da 11:00etatik 14:00etara, informazioa eskuratu eta izena eman ahal izateko.

Edukiontzi marroian jatorri begetaleko hondakin organikoak utzi daitezke: frutak, barazkiak, lekak, pasta, arroza, ogia edota fruitu lehorrak. Modalitate hori hautatzen duten etxebizitzetan, kubo bat, poltsa konpostagarriak, edukiontzia irekitzeko giltza eta azalpen-eranskailuak jasoko dituzte dohainik. Hondakin horiek Bizkaiko Foru Aldundiko Konpostaje Plantara eramango dira, eta, bertan, ongarria edo konposta bilakatuko da, laborantzarako eta lorategietarako.

Azaroak 4tik aurrera, hondakin begetalak jasotzeko zazpi edukiontzi izango dira toki hauetan: 1) Gernika Plaza kalea Otxomaio ondoan; 2) San Frantzisko Auzoa, 3 (Aparkalekua); Foru Plaza, 9 (Aduana atzean); 4) Gran Vía Kalea, 10-12 (LH uhartea); 5) San Miguel Auzoa; 6) Landatas Auzoa, 5; 7) La Antigua Auzoa.

Ortua edo lorategia duten etxebizitzetan, hondakin organikoak konpost egiteko erabili nahi badituzte, autokonpostajea egiteko aukera daukate. Konpostagailu, aireztagailu eta gida didaktiko bana emango zaie dohainik. Material horiek autokonpostajeari buruzko prestakuntza-tailer batean jasoko dituzte. Lehenengo tailerra azaroaren 17an egingo da.

Gainera, auzokonpostajearen esperientzia jarraitu eta zabaldu egingo da. Modalitate horren arabera, hainbat familiak konpostagailuak partekatzen dituzte, hondakin organikoak utzi eta nork bere konposta sortzeko. Auzokonposta egiteko gune berria Gernika plazan jarriko da.

Horretarako, informazioa emateko hainbat jarduera egingo dira. Hauek nabarmendu daitezke: 1) Etxebizitza guztientzako informazioa, marketin zuzeneko ekintzen bidez; 2) Komunikazioa indartzeko ekintzak: edukiontzietarako eranskailuak, liburuxkak, totemak, webguneak eta bannerrak, tokiko prentsa; 3) Informazio gunea; 4) Neurri handiko kartel zurrunak hondakinak biltzeko tokietan; eta 5) Beste ekimen batzuk: herriko sektoreen araberako informazio-bilerak.

Hondakin organikoak bildu eta garraiatzeko zerbitzu berriak Urduñako Udalari eragingo dion urteko gastua 6.406,01 euro da, gehi beste 600 euro, gutxi gorabehera, horiek tratatzeagatik.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek eta Urduñako Udalak gaikako bilketa berri honetan modu aktiboan parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei, norberak aukeratzen duen modalitatean (bosgarren edukiontzia, autokonpostajea edo auzokonpostajea), egitasmoak ingurumenean daukan onuragatik, batetik, eta zaborren tratamenduaren gastu ekonomikoa aurrezten duelako, bestetik.

Herritarrentzako informazio-kanpaina eta bilketarako beharrezkoak diren hornigaien erosketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren diru-laguntzari esker egin dira.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo