Berriak | 2017-10-03

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa finalista da ICLEIren 2017ko Ekintza Eraldatzailea sari europarrean

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa finalista da ICLEIren 2017ko Ekintza Eraldatzailea sari europarrean

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa ICLEIk, jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen Europako sareak, sustatutako Ekintza Eraldatzailea sari europarreko lau finalistetako bat dela; Eusko Jaurlaritzaren eta Aalborg hiriaren (Danimarka) babesa dauka. 2016ko apirilaren 27tik 29ra bitartean Bilbon izandako Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentzian onartutako Euskal Adierazpena delakoaren hiru bideak (eraldaketa soziokulturala, sozioekonomikoa eta teknologikoa) aintzat hartzen dituen ekimenak aitortzen ditu sari honek.

Lehen edizio honen irabazlea Eskualdeen Batzordean jakinaraziko da, azaroaren 22an Bruselan (Belgika) egingo den ekitaldian. Epaimahaikideak honako hauek izan dira: Arantza Acha (UNESCO Etxeko zuzendaria), Thomas Kastrup-Larsen (Aalborgeko alkatea, Danimarka), Wolfgang Teubner (ICLEIko Europako Idazkaritzako Eskualdeko zuzendaria), eta Cor Lamers (Schiedameko alkatea, Herbehereak, eta Eskualdeen Europako Batzordeko ENVE Komisioko presidentea).

Irabazleak hainbat gauza jasoko ditu: garaikur bat, eta 2017ko ekintza eraldatzailetzat izendatua izateko eta bere ikonoa euskarri digitaletan erabiltzeko eskubidea; sustapen-bideo bat; eta 2019ko Hiri Jasangarriei buruzko Europako Konferentziarako doako sarrera eta bertan parte hartzeko aukera; era berean, Hiri Jasangarrien Plataforman sustatuko da, eta ICLEIren webgunean eta garapen jasangarriari buruzko beste argitalpen batzuetan agertuko da.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek aurkeztutako ekintzak Jasangarritasunaren Eskualdeko Bulegoak izandako ibilbidea deskribatzen du, tokian tokiko jasangarritasuna kudeatzeko laguntza-tresna kooperatibo moduan. Bai eta bere testuingurua, emaitzak, eragina, erronkak eta ikasitako irakaspenak ere.

Toki Agenda 21etik abiatuta, geroz eta ingurumen-zerbitzu gehiago eskaintzen joan da, ingurumen, ekonomia eta gizarte errentagarritasuna aztertuta, betiere; esate baterako, eskualdeko hondakin-zerbitzua abiarazi du. Kontratazioak ambientalizatu ditu, eta ekimen berritzaileak jarri ditu abian; esaterako, Eskualdeko erosketa edo kontratazio zerbitzua jasangarritasun-irizpideekin, edota Eskualdeko Energia Behatokia.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoarekin batera, honako ekintza hauek izan dira finalistak: “100ideiaZGZ: alferrik galdutako ideiarik gabeko hirirantz”, Zaragozak aurkeztua; “Mannheim klimaren bidean”, Alemaniako Mannheim hiriarena; eta “Tokiko demokrazia parte-hartzaile eredugarrirantz; Nilüfer “herritarren errepublika”, Turkiako Nilüferrek aurkeztua.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek pozik hartu du Europako hautagaitza guztien artean aukeratua izatea. Talde baten arrakasta erakusten du, pertsona eta udal askok egindako lan luzearen emaitza, alegia. Horrela, bada, eskerrak eman nahi dizkiegu hau posible egin duten guztiei. Baita ere Udalsarea 21, jasangarritasunerako udalerrien euskal sarea, bere babes iraunkorragatik.

Argibideak: http://www.sustainablecities.eu/transformative-action-award/

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo