Berriak | 2017-10-09

Euronet 50/50 Max proiektua abiarazi da Nerbioi-Ibaizabal eskualdean

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi duenez, eskualdeko haur eta lehen hezkuntzako hiru zentrotan (Etxebarri, Zaratamo eta Ugao-Miraballes) Euronet 50/50 Max proiektua jarri da abian.

Proiektuak hezkuntza-zentroetan energia aurreztea du helburu. Pizgarri ekonomiko bat emango da helburua gauzatzeko: ikasleek, irakasleek eta irakasleak ez diren langileek energia aurrezteko hartutako neurriei esker, aurreztutakoaren %50 zentroari itzuliko zaio, finantza-ordainketaren edo konpentsazio-neurrien bidez; gainerako %50a Udalaren fakturazio energetikoan igarriko da, Udalak ordaintzen baititu fakturak.

Zentroak babesteko asmoz, laguntza teknikoa kontratatu da (Galemys S.L.), proiektua aurrera eramaten duten hezkuntza-zentroei euskarri eman diezaien.

Europar Batasunak sustatutako proiektu hau Europarentzako Energia Adimenduna programaren barruan dago. Programa Alemanian jarri zen abian lehenengo, eta, ondoren, EBko beste hamahiru herrialdetara hedatu da. Bizkaiko Foru Aldundiak ekimena sustatzen du, eta Bizkairako Energia Iraunkorreko Estrategia 2020 delakoaren barruan sartu du.

Orain arte, Euronet 50/50 Max proiektuari esker, energia aurreztea eta CO2 emisioak murriztea lortu da, 500 eskola baino gehiagotan jokamoldea aldatzeko ekintza zehatzen bidez.

50/50 metodologiak 9 pauso planteatzen ditu, eta, horien bitartez, erabiltzaileek energia kudeatzeko prozesuan modu aktiboan parte hartzea nahi da. Gainera, ingurumenarekiko errespetuzko jarrera izaten erakusten zaie, ekintza praktikoen bidez: 1) Talde energetikoa sortzea; 2) Aurretiko ibilbide energetikoa; 3) Ikasleen ezagutza handitzea eta energiarekin lotutako gaietan sentsibilizatzea; 4) Ibilbide energetikoa; 5) Datu energetikoak eta inkestako datuak lortzea; 6) Eskolaren ekintza plana; 7) Informazio kanpaina; 8) Inbertsio txikia eskatzen duten neurriei buruzko txostena; 9) Arrakastak eta aurreztutako dirua komunikatzea.

Proiektua 2017-2018 ikasturtean garatuko da Nerbioi-Ibaizabal eskualdean, eta emaitzak 2018ko abenduan jakingo dira. Proiektua zabalik egongo da, hurrengo ikasturteetan zentro gehiagok bat egin nahi izanez gero.

Mundu guztiak irabazten du 50/50 proiektuekin. Zentroko erabiltzaileak energia aurreztera animatzen ditugu, nahi dituzten jardueretarako dirua izan dezaten edo instalazioak hobetzeko inbertsioak egin ditzaten. Udalek energia aurreztu dezakete.Komunitate osoak irabazten du CO2 emisioak murriztean.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo