Berriak | 2018-05-30

2017-2018 ikasturteko Eskolako Agenda 21 Foroa egin da Galdakaon

2017-2018 ikasturteko Eskolako Agenda 21 Foroa egin da Galdakaon

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du Galdakaoko Eskolako Agenda 21 Foroa egin zela maiatzaren 30ean (asteazkena), Udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Saio horrekin, amaiera eman zitzaion 2017-2018 ikasturteko Eskolako Agenda 21 programari, zeinak aurten gai hau jorratu baitu batez ere: zer egin aldaketa klimatikoaren aurrean?

Ekitaldiaren aurretik, 35 ikaslek (Andra Mari BHI, Bengoetxe BHI, Eguzkibegi Ikastola HLBHIP, Elexalde BHI, Galdakao HHI eta Ostalaritza Galdakao BHI ikastetxeetakoak) Eskolarteko Foro bat egin zuten, udal arduradunei eskaerak helarazi aurretik, guztiak bateratzeko. Dinamika horretan, udaletxera egindako bisitan ondorioztatutakoak eta ikasitakoak gogoratu zituzten, bai eta BC3 ikerketa zentroak ikastetxe bakoitzean egindako jardunaldi teknikoetan ikasitakoak ere.

Jarraian, eta Galdakaoko Udalak eskainitako aperitiboen ondoren, Eskolako Agenda 21 Foroa egin zen, eta bertan parte hartu zuten Ruben Seoane Jasangarritasun eta Parte-hartze Zinegotziak, Udaleko ingurumen teknikariak eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurugela-CEIDAko Miren Aguirreazkuenagak, ikasleekin eta horiekin joan ziren irakasleekin batera.

Udalak ongietorria eman ondoren, ikasleek aurten Eskolako Agenda 21en baitan egin dituzten jardueren berri eman zuten, besteak beste, hauen berri: prakak berrerabiltzea poltsak egiteko (Andra Mari BHI); Arcimboldo pintorean inspiratutako autorretratuak (Bengoetxe BHI); Ekonomia zirkularrari buruzko jardunaldia eta erakustaldi esperientzia bat nekazaritza eskola batekin batera (Galdakaoko ostalaritza eskola BHI); garbitasun taldea Bizkaiganen, eta gizakiaren esku-hartzearen ondorioak ingurunean (Eguzkibegi Ikastola HLBHIP); lorategi bertikala (Elexalde BHI) edo aldaketa klimatikoari buruzko literatura sariketa (Galdakao HHI).

Azalpen horren ondoren, ikasleek Udalari aldaketa klimatikoarekin lotutako proposamen hauek luzatu zituzten: 1) Ekonomia zirkularra sustatzea, 0 km filosofia indartuz; 2) “Haragirik gabeko eguna” bultzatzea; 3) Bizikleta elektrikoen alokairua; 4) Energia iraunkorraren aldeko ekintza plana.

Ikastetxeek ere zenbait konpromiso hartu zituzten: garraio publikoa edo beste garraiobide jasangarriak gehiago erabiltzea; ur hotza erabiltzea eskuak garbitzeko, edota hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea.

Udal arduradunek eskertu egin zuten egindako lana, eta, eskaerak jasotzeaz gain, iazko eskaeren jarraipena egin zuten; guztiak ari dira gauzatzen eta horrela jarraituko dute.

Ikastetxeen aurkezpena

Udalaren aurkezpena

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo