Berriak | 2019-09-02

Udaltalde 21 Nerbioi – Ibaizabalek etxeko hondakin organikoak bereiztera animatzen ditu herritarrak.

Udaltalde 21 Nerbioi  Ibaizabalek etxeko hondakin organikoak bereiztera animatzen ditu herritarrak.

Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Etxebarri, Urduña, Orozko, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio udalerrietako 3.501 etxetan hondakin organikoa birziklatzen da, 2014. urtearen amaieran bilketa-zerbitzua martxan jarri zenetik.

5. edukiontzia erabiliz (edukiontzi marroia), udalerri horietako 2957 etxek, hau da, guztira % 24k, euren etxeetan sortzen dituzten hondakin organikoak bereiztearen aldeko apustua egin dute, esaterako: barazkiak, fruta, haziak, fruitu lehorrak, zerealak, lekaleak, ogia, opilak, infusioetako poltsatxoak, kafe-hondarrak eta botilen kortxoak, besteak beste.  Denbora horretan egin diren komunikazio-kanpainen bitartez  edo udaletxera hurbilduz,  doako kit bat jaso dute (ontzia, poltsa konpostagarriak, giltza eta edukiontzi marroian hondakinak botatzeko azalpen-eranskailu bat). 

Poltsa konpostagarriak doan ematen dira bederatzi udalerrietan informazio-puntu iraunkorretan: udalerri bakoitzari dagokion udaletxean, Abusu Zentro Sozokulturalean eta Arrigorriagako Kultur Etxean, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen bulegoan, Arrankudiaga-Zollon eta Urduñako Alondegian.

Lorategia daukaten etxeek, gainera, autokonpostajea balia dezakete. Horretarako, etxean sortutako hondakin organikoak kudeatzeko konpostagailu bat jartzeko tokia izan behar dute. Gaur egun, 544 etxek (% 4,3) daukate autokonpostagailu bat.  Interesdunak izena eman eta prestakuntza-ikastaro batera joan behar dira. Sortzen duten konposta euren kontsumorako da.

Adierazi beharra dago gero eta jende gehiagok egin duela bat bi aukera horiekin. Nolanahi ere, 2018an 2017an baino hondakin gutxiago bildu zela ikusi da. 2017. urtean 251.348,76 kg bildu ziren aipatutako udalerrietan; 2018. urtean, aldiz, 241.641,15 kg. Horrek esan nahi du bildutako hondakin organikoa % 3,86 murriztu dela. 

2018an, 12.890.092,61 kg etxeko hondakin bildu zen eskualdean, hau da: errefusa, papera eta kartoia, organikoa, ontziak, olioak, bazarrak eta tamaina handiko hondakinak. Hondakin organikoa jasotako hondakin guztiaren % 1,87 da eta gutxien biltzen diren hondakinen artean hirugarren postuan dago.

Hondakinak behar bezala bereizteko lana oraindik ere hobetu daiteke. Kontzientziazioa eta herritarren erantzunkidetasuna oso garrantzitsuak dira etxean sortzen den hondakina behar bezala kudeatu eta dagokion edukiontzian utzi nahi badugu.

Horri esker, ingurumen-jasangarritasuna hobetuko da, baita udalerriko hondakinen kudeaketa hobetu eta udal bakoitzak bere gain hartu behar dituen kostuak murriztu ere.

Udaltalde 21 Nerbioi - Ibaizabal erakundeak etxeko hondakinak bereiztera animatzen eta gonbidatzen ditu biztanleak. Horretarako, hondakinak banatzeko gida praktiko bat utzi du herritarren esku, esteka honetan: http://www.ut21.org/pdfs/bereizteko_gida.pdf.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo